2013/03/24

Jabi Martinezen bi lagunek istripua izan dute Jaeneko espetxetik bueltan


Jaengo espetxean preso dagoen Jabi Martinez presoa bisitatzetik Euskal Herrira bueltatzen ari ziren bi lagunek istripua izan dute Madrilen. Ezbeharra Cabreran suertatu da txingorraren eraginez beste kotxe batek atzetik jo ondoren. Zorionez, Martinezen bi lagunek ez dute zauri larririk izan, baina autoa erabat txikituta geratu da. Istripuaren ondorioz, Usansolorako bidea taxian egin behar izan dute, horrek dakarren gastu ekonomiko itzelarekin.
Jabi Martinezek 2010an aske geratu behar zuen, baina 197/2005 doktrinaren aplikazioa medio, zigorra 2022 urtea bitartean luzatu zioten. 2013an zehar, euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatzen duten bigarren istripua da gaurkoa. 1989an sakabanaketa modu masiboan abiarazi zutenetik 400 baino gehiago dira euskal preso politikoen senide eta lagunek errepidean pairatu dituzten ezbeharrak.
Herrira mugimenduaren ustez, garaia da ondorio atzeraezinak eragin eta giza eskubideak nabarmen urratzen dituzten salbuespeneko neurriekin amaitzeko. Euskal preso politikoen senide eta lagunek ezin dute astebururo euren bizitzak arriskatzen jarraitu. Egoera honek sufrimendua, samina, antsietatea, beldurra eta gastu ekonomiko itzela eragiten ditu milaka pertsonengan. Horiek horrela, salbuespenen neurriekin amaitzea giza eskubide guztien errespetuan sakondu eta bakea eta konponbideari aukera bat ematea suposatzen du. Euskal jendartearen gehiengoak era masiboan babesten dituen eskakizunak dira. Ondorioz, agertoki berriak sortzeko konpromisoen biderkaketarako ahalegin guztiak egingo dituela berresten du Herrirak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario