2013/02/14

Bizi osorako doktrina eten! Ni un minuto mas!


Hurrengo martxoaren 20an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko Areto Nagusiak 197/2006 doktrinaren patua erabakiko du eta, aldi berean, orain kondena luzatuta duten 73 euskal preso ingururena ere bai. Haien artean, German Rubenach Arrotxapeako preso politikoa dugu.

Egun horretan, Espainiako espetxe politikak azterketa pasatuko du Europako epaile-instantzia gorenean. Epaia iristeko nahiko denbora igaro daitekeen arren, Ines Del Rio Tafallako preso politikoaren kondena luzapena eta bere azpiko doktrina guztia ilegaltzat jo zituen uztaileko epaiaren aurka Espainiaren helegitea aztertuko da egun horretan Areto Nagusian. Horrekin batera, Estatuko espetxe politikan bihurgunea ezar dezake Estrasburgok.

Ines Del Riok 2008ko uztailean jarrita zuen askatasunerako data. Doktrina berria aplikatu ondoren, bederatzi urte gehiago bete behar zituela jakinarazi zioten, 2017ra arte. Inesek epaiaren aplikazio hori errekurritu zuen Espainiako Auzitegien aurrean. Hauen ukapena jaso ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen. Iazko uztailean honek epaia eman zuen: Ines askatasunean jartzeko eta Tafallako presoaren eskubideak urratzeagatik kalte-ordain ekonomiko handia emateko kondenatu zuen Espainiako Estatua. Berehala, Espainiako Barne ministroak adierazi zuen epaia ez zutela beteko, helegitea iragartzearekin batera. Martxoaren 20an aztertuko da uztaileko epaia berresten den edo Espainiako Estatuari arrazoia ematen zaion.

Hortik dator data horren garrantzia, Areto Nagusiko 17 epaileek erabakiko dutenak behin betiko izaera izanen duelako, epaile-bide guztiak agortzen direlako. Inesen eta doktrina hori aplikatu zaien gainontzeko preso politikoen etorkizuna Areto horren eskuetan dago.

197/2006 epaiaren aplikazioa 2006ko otsailean hasi zen, Unai Parotekin. Kondenak laburtzeko era berriari ekin zitzaion preso politiko honekin. Kondena laburtzea ezarritako kondena bakoitzari aplikatzen hasi zen eta ez kondena guztien osotasunari. Praktikan, zigorraren luzapena ekartzen du, 30 urteko gehienezko zigorraren aplikazioraino. Atzera eragineko izaeraz egin ere. Euskal preso politikoen eskubideen urraketa berriari hasiera eman zitzaion horrela. Espetxean urte anitz eman ondoren (18, 20, 22 urte…), eta askok ateratzeko data finkatua edukita, egun batetik bestera kondenak beste urte mordo batez luzatzen direla ikusten duten presoez mintzatzen ari gara. Honek presoarengan eta beren sendiengan eragin psikologiko izugarria du.

197/2006 epai hau helburu politiko argi batekin jaio zen: Euskal preso politikoak makurraraztea. Ez badute lortu, presoek eta beren senideek doktrina honi aurre egiteko erakutsitako adore eta indarragatik izan da. Horretarako kaletik eman ditzakegun babesa eta elkartasuna oso garrantzitsuak dira. Mobilizazio soziala eta eguneroko eztabaida politikoan presoen gaia sarraraztea funtsezkoak izanen dira, doktrina hori atzera bota eta presoak etxera ekartzeko. Bizi osorako doktrina eten, German kalera, lelopean, Elkartasun eguna ospatuko dugu Arrotxapean datorren larunbatean, martxoak 16. Presoekiko elkartasuna adierazteko eta aldarrikapenerako eguna izango da eta 12:30tan manifestazioa aterako da Barandiaran enparantzatik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario