2012/06/27

Herrira mugimenduak sanferminetarako antolatu dituen ekitaldiak


Herrira mugimenduaren iritziz, euskal pilotak gatazkaren ondorioetako bati, preso eta iheslarien gaiari alegia, eman beharreko soluzioa adierazten du. Horrexegatik, pilota horren sinbolo diren baloi eta puxika urdinak izanen dira udako kanpainaren oinarria.
Sanferminetan antolatutako zenbait ekitalditan euskal pilota agertuko da. Uztailaren 4an, asteazkena, txupinazoa botako da, preso eta iheslariak etxeratzearen alde. Eguerdiko 12etan izanen da ekitaldia, udaletxe plazan, eta dei egiten diote jendeari urdinez jantzita etor dadin.
Festetan, berriz, Herrira Gunean antolatuko diren jardueretan parte hartzeko deia luzatzen zaie herritarrei, Frantziako Atearen inguruetan: uztailaren 6an, ordu batean, topa egiteko ekitaldia preso eta iheslariak etxeratzearen alde, eta uztailaren 12an, osteguna, bertso afaria.

Herrira Eguna
Uztailaren 10ean, asteartea, Herrira Eguna ospatuko da. Arratsaldeko 5etan, bertso berendua, Julio Soto eta Eneko Lazkoz bertsolariekin; ordubete geroago, kalejira urdina abiatuko da Herrira gunetik, Alde Zaharrean barna ibiltzeko afalordura arte. Ondoren, Tximeleta taldearen kontzertua.
Karmen kaleko Herriko Taberna eta Arrano Elkartea Herrira Gunearen barruan egonen dira, eta egunero izanen dira ekitaldiak eta kontzertuak. Materiala saltzeko postu bat ere irekita egonen da egunero, eguerdian, 6an eta 8an izan ezik.


No hay comentarios:

Publicar un comentario