Hurrengo
martxoaren 20an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko Areto Nagusiak
197/2006 doktrinaren patua erabakiko du eta, aldi berean, orain kondena
luzatuta duten 73 euskal preso ingururena ere bai. Haien artean, German Rubenach Arrotxapeako preso politikoa dugu.
Egun
horretan, Espainiako espetxe politikak azterketa pasatuko du Europako
epaile-instantzia gorenean. Epaia iristeko nahiko denbora igaro
daitekeen arren, Ines Del Rio Tafallako preso politikoaren kondena
luzapena eta bere azpiko doktrina guztia ilegaltzat jo zituen uztaileko
epaiaren aurka Espainiaren helegitea aztertuko da egun horretan Areto
Nagusian. Horrekin batera, Estatuko espetxe politikan bihurgunea ezar
dezake Estrasburgok.
Ines
Del Riok 2008ko uztailean jarrita zuen askatasunerako data. Doktrina
berria aplikatu ondoren, bederatzi urte gehiago bete behar zituela
jakinarazi zioten, 2017ra arte. Inesek epaiaren aplikazio hori
errekurritu zuen Espainiako Auzitegien aurrean. Hauen ukapena jaso
ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen. Iazko uztailean
honek epaia eman zuen: Ines askatasunean jartzeko eta Tafallako
presoaren eskubideak urratzeagatik kalte-ordain ekonomiko handia emateko
kondenatu zuen Espainiako Estatua. Berehala, Espainiako Barne
ministroak adierazi zuen epaia ez zutela beteko, helegitea
iragartzearekin batera. Martxoaren 20an aztertuko da uztaileko epaia
berresten den edo Espainiako Estatuari arrazoia ematen zaion.
Hortik
dator data horren garrantzia, Areto Nagusiko 17 epaileek erabakiko
dutenak behin betiko izaera izanen duelako, epaile-bide guztiak agortzen
direlako. Inesen eta doktrina hori aplikatu zaien gainontzeko preso
politikoen etorkizuna Areto horren eskuetan dago.
197/2006
epaiaren aplikazioa 2006ko otsailean hasi zen, Unai Parotekin. Kondenak
laburtzeko era berriari ekin zitzaion preso politiko honekin. Kondena
laburtzea ezarritako kondena bakoitzari aplikatzen hasi zen eta ez
kondena guztien osotasunari. Praktikan, zigorraren luzapena ekartzen du,
30 urteko gehienezko zigorraren aplikazioraino. Atzera eragineko
izaeraz egin ere. Euskal preso politikoen eskubideen urraketa berriari
hasiera eman zitzaion horrela. Espetxean urte anitz eman ondoren (18,
20, 22 urte…), eta askok ateratzeko data finkatua edukita, egun batetik
bestera kondenak beste urte mordo batez luzatzen direla ikusten duten
presoez mintzatzen ari gara. Honek presoarengan eta beren sendiengan
eragin psikologiko izugarria du.
197/2006
epai hau helburu politiko argi batekin jaio zen: Euskal preso
politikoak makurraraztea. Ez badute lortu, presoek eta beren senideek
doktrina honi aurre egiteko erakutsitako adore eta indarragatik izan da.
Horretarako kaletik eman ditzakegun babesa eta elkartasuna oso
garrantzitsuak dira. Mobilizazio soziala eta eguneroko eztabaida
politikoan presoen gaia sarraraztea funtsezkoak izanen dira, doktrina
hori atzera bota eta presoak etxera ekartzeko. Bizi osorako doktrina
eten, German kalera, lelopean, Elkartasun eguna ospatuko dugu
Arrotxapean datorren larunbatean, martxoak 16. Presoekiko elkartasuna
adierazteko eta aldarrikapenerako eguna izango da eta 12:30tan
manifestazioa aterako da Barandiaran enparantzatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario