Lehenik eta behin, Herrira mugimenduak babesa eta gertutasuna eskaini nahi dio Xabier Lopez Peñaren senide eta ingurune osoari. Jaso dezatela besarkada sentikor bat.
Xabier Lopez Peñaren heriotzak oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioak agerian uzten ditu. Izan ere, salbuespeneko neurrien bitartez, espetxe politikak euskal preso politikoen bizitzak etengabeko errusiar erruleta batetan murgiltzen ditu. Espetxe politikak mina eta sufrimendu sortzen ditu hainbat herritarrengan. Errealitate lazgarria da euskal jendartearen gehiengoak eskubideen urraketak atzean utzi eta gehiegi luzatzen ari den gatazkaren ondoriozko heriotza gehiagorik ez izatea desiratzen duenean, espetxe politikaren ondorioek hiltzen jarraitzea.